Balentzia Geruzako Elektroi Pareen Aldarapenaren Teoria

Balentzia Geruzako Elektroi Pareen Aldarapenaren Teoria (BGEPAT), BGEPAT teoria edo Gillespieren teoria molekulen edo ioi poliatomikoen egitura aurresateko kimikan erabiltzen den eredu bat da. Teoriaren oinarria atomo batean elektroiak elkarrengandik ahalik eta aldarapen indar txikiena jasateko moduan antolatzen direla da. Hortaz, aldarapen minimo hori bilatuko dute elektroiek atomoaren barnean eta egitura geometriko ezberdinak eratuko dituzte. Aldarapen minimo hori, noski, elektroiak espazioan elkarrengandik ahalik eta urrunen kokatzean eskuratuko da. Teoriari Gillespie-Nyholm teoria izena ere ematen zaio, garatzaile nagusien omenez.

BGEPAT teoriak balentzia-geruzako elektroi pareak hartzen ditu aintzat, zeinak atomo edo konposatu baten Lewisen egitura egitean marra baten bidez irudikatzen diren. Elektroi pare hauek bi motatakoak izan daitezke: lotzaileak edo askeak. Elektroi pare lotzaileak lotura kobalente bat eratuko du bi atomoren artean eta elektroi pare askeak aldiz, ez du inolako loturarik izango. Teoriak molekularen atomo zentrala hartzen du oinarri eta honen elektroi pareek duten jarreraren bidez, molekularen geometria aurresaten du. Hartarako, jakina da elektroi pare aske batek aldarapen indar handiagoa egingo duela elektroi pare lotzaile batek baino.

Molekula baten geometriak zeresana du bere polaritatean. BGEPAT teoriak zeharka molekularen polaritatearen berri ere ematen du; izan ere, molekulak geometria jakin batzuk baditu, lotura polarrak (hala badira) elkar ezeztatu egin daitezke momentu dipolar osoa nulu bihurtuz. Halaber, beste geometria jakin batzuek momentu dipolarren ezeztatzea ezinezko egiten dute. Alabaina, lotura apolarrak dituzten konposatuak beti izango dira apolar.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy